Azalpen laburra
OEE euskara osasun-arloan sustatu eta bultzatu nahi duen elkartea da. Elkartearen helburuak honakoak dira: euskararen erabilera sustatzea (irakaskuntzan, heziketan, eta lan-zentroetan), euskararen erabilera bultzatu eta indartzea osasun-arloko profesionalen artean, osasunari buruzko euskaraz idatzitako aldizkari eta argitalpenen sorrera sustatzea, helburu eta jarduera horiei dagozkien ekitaldiak (hitzaldiak, mahai-inguruak, etab.) antolatzea, era guztietako erakunde, elkarte, entitate edo partikularrekin lankidetzan aritzea, bere helburuak lortzeko eta azaldutako jarduerak burutzeko. Gaur egun elkarteak 600 bazkidetik gora ditu (medikuekin batera badira bertan erizainak, unibertsitateko irakasleak, ikasleak).
Besteak beste honako ekintzak dira OEE elkarteak une honetan esku artean dituenak:
- Osasun Jardunaldiak: urtero antolatu dira 1991tik aurrera. Orain artekoak Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan izan dira eta urtero argitaratu da jardunaldietako hitzaldi, mahai-inguru eta komunikazioen laburpenak biltzen zituen liburua. Gaiak: minbizia, neurozientziak, eritasun infekziosoak, genetika, eta abar izan dira.
- Saio klinikoak euskaraz ospitaleetan.
- Diru-laguntzak ikasleentzat: UEUko osasun-arloko ikastaroetarako.
- Jose Antonio Agote saria, osasun-arloko testuen argitalpena bultzatzeko.
- OEE elkarteak harremana du hainbat erakunderekin osasun-arloko euskararen normalizazioko arazoetan iritzi edo aholkua emateko eta hainbat bazkide aritu dira eta ari dira arlo honetako lanetan: testugintzan, terminologian, hiztegigintzan.

