Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Berriak EHE: «Osakidetzak ez ditu euskaldunak sendatu nahi»
Hemen zaude: Hasiera Berriak EHE: «Osakidetzak ez ditu euskaldunak sendatu nahi»

EHE: «Osakidetzak ez ditu euskaldunak sendatu nahi»

Euskara Oiartzungo EHEk kanpaina berria abiaraziko du Osakidetzari «euskaldunen eskubideak» berma ditzala eskatuz

nagore vegA

Oiartzungo EHE Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduaren arabera, «Osakidetzak ez ditu euskaldunak sendatu nahi». Jakinarazi dutenez, herriko anbulatorioan postu berri bat dago betetzeko, «baina ez dute eskatzen euskaraz jakitea». Lartzabalgo anbulatorioaren egoera, bestalde, «lotsagarritzat» dute: «Langile gehienak (sendagileak, erizainak, zein besteak) ez dute euskaldunak sendatzeko gaitasunik, eta Osakidetzak ez ditu behar dituen neurriak hartu nahi egoera aldatzeko. Beste era batera esanda, Osakidetzak ez ditu euskaldunak sendatu nahi».

Horregatik, kanpaina berria abiaraziko du Oiartzungo EHEk: «Osakidetzari dagozkigun eskubideak bermatzeko eskatuko diogu». Bost puntutan lan egingo dute bereziki. Hasteko, euskaldunen hizkuntza eskubideak berma ditzaten beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatuko diote Osakidetzari. Bestalde, kontratatu behar dituzten langile guztiak euskaldunak izatea, eta egun lanean ari diren langileak euskalduntzea exijituko diote. Osasun zerbitzua euskaraz izateko eta euskara administrazio horren lan hizkuntza bilakatzeko normalizazio plangintza eraginkorra abian jartzeko ere galdegingo diote. Eta, azkenik, neurri horien bidez euskararen benetako ofizialtasuna ahalbidetzea: «Lan eremuak zabalak direla jakinik, herritar guztiak Behatokia erabiltzera animatu nahi ditugu, esparru guztietan jasatzen ditugun hizkuntza eskubideen urratzeak salatzeko».

30. urteurrena

Oiartzungo EHEk, bestalde, gogorarazi du duela 30 urte sortu zela herri mugimendua, 1979ko azaroaren 4an, hain zuzen: «Euskara zanpatua zela ikusita, bere lurralde osoan (Euskal Herrian) berreskuratze aldera, Euskal Herrian euskaraz helburu zuen herri mugimendua sortzeko apustua erdietsi zuten Lesakan (Nafarroan). 30 urteren ondoren egoera ez da gehiegi aldatu, EHEren esanetan: «Euskarak zanpatua izaten jarraitzen du lurralde osoan, eta ezin esan berreskuratze prozesuan gaudenik, aitzitik, desagertze bidean edo kasu hoberean ere, euskara menpeko hizkuntza izatera kondenatuta dago, gaur egungo hizkuntza politikekin».

Horregatik, EHE oraindik beharrezkoa dela argi dute, baita herritarren elkarlana ere: «Euskara bigarren mailako egoeratik, lehentasunezko egoerara eramango duten politika burujabeak exijitu behar ditugu. Euskara erasoen jomugan dagoen une honetan, ezinbestean herri aldarrikapena berpiztu behar dugu, gaur hartzen diren erabakiek baldintzatzen baitigute etorkizuna».

Horretarako, borroka da bide egokiena, EHEren ustez, eta ez eskatzen ibiltzea: «EHEkook euskararen alde akuilu lanean jarraitzeko asmoa berrestu nahi dugu eta, inolako zalantzarik gabe, une honen garrantziaz ohartarazi euskaltzale guztiei, EHErekin batera, etorkizuna irabazteko apustu garbiak gaurdanik egikarituz».

Orain, 30 urte beranduago, inoiz baino beharrezkoagoa da herriz herriko borroka eta elkarlana: «Guztion eskua dago Euskal Herrian euskaraz bizitzea».

Dokumentu Akzioak