Jose Antonio Agote - Biografia
Jose Antonio Agoteren biografia
Jose Antonio Agote Jemein
Jaiotza-eguna- 1953/3/4
- Heriotza-eguna
- 1999/8/20
Eibarren jaioa, bertan bizi izan zen bere familiarekin 1991 arte. Medikuntza Bilbon ikasi zuen 1970etik 1976ra.
1977tik 1980ra bitartean Traumatologia eta Kirurgia Ortopedikoa espezialitatea egin zuen Santanderreko Marqués de Valdecilla Ospitalean.
Ondoren Ciudad Real-eko Nuestra Señora de los Arcos Ospitalean egin zuen lan, eta 1984tik aurrera Zumarragako Eskualde-Ospitalean, Traumatologia eta Kirurgia Ortopedikoko Zerbitzuburu bezala.
1984an ezkondua, bere emazte eta 4 seme-alabekin Zizurkilen bizi izan zen azkeneko urteetan.
Gaztetatik kezkatu zuen euskarak. Osasun-arloan bultzatzeko eta garatzeko ahaleginak egin zituen bai pazienteekin erabiliz, bai zenbait dokumentu kliniko idatziz, etab. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko (OEE) bazkide izan zen bere sorreratik, ekintza guztietan parte hartuz, beraien antolakuntzan lagunduz eta inguruko profesionalak erakarriz. Bere gaixotasuna ez zen oztopo izan 1999an Donostian "Genetika eta Osasuna" izenburuarekin ospatu ziren jardunaldien antolatzaile-lanetan ibiltzeko. OEEn uste dugu egin diezaiokegun omenaldirik onena zera dela, bere ametsak lortzen saiatzeko lanean jarraitzea. Horregatik antolatzen dugu Jose Antonio Agote Saria, osasunarekin lotutako ikasgai ezberdinen euskarazko testuen sormena eta argitalpena bultzatzeko. Ziur gaude sari honek fruituak emango dituela, berak amestu bezala.

